Ekintza horrek balio izan zuen Kongoko emakumeen erakundeek 1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera gerraren kontra zeramaten borroka ikusarazteko
Herrialdea: Kongoko Errepublika Demokratikoa
2010eko urriaren 13 eta 17 artean, Emakumeen Mundu Martxaren (EMM) Nazioarteko Hirugarren Ekintzaren amaiera egin zen Bukavun, Hego Kivuko hiriburuan, Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte lelopean. Ekintza horren bidez, emakumeen kontrako indarkeriaren, gatazka armatuen eta militarizazioaren artean dauden loturak nabarmendu nahi ziren, eta, aldi berean, nazioarteko mugimendu feministaren Kongoko emakumeen erakundeekiko elkartasuna agerrarazi nahi zen. Emakumeen Mundu Martxaren arabera: “Hainbat arrazoi izan genituen leku horretan elkartzeko: gatazka armatuaren testuinguruan egunez egun erresistitzen diren emakumeekin elkartasuna adierazteko, bereziki Kongoko Errepublika Demokratikoko Ekialdeko eskualdeko emakumeekin. Baina bada besterik ere; kapitalismoarekin eta arrazakeriarekin dituen loturetan oinarrituta, patriarkatuari eusteko mekanismo gisa munduaren gero eta militarizazio handiagoari buruzko gogoeta eta haren kontrako salaketa-lanarekin jarraitzeko gaude Bukavun” (https://movimientos.org/pt-br/node/18258).
Ekintza horrek balio izan zuen Kongoko emakumeen erakundeek, batik bat Hego Kivu eta Ipar Kivu probintzietan, 1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera gerraren kontra zeramaten borroka ikusarazteko (ikusi bideoa). Gainera, erakunde horien eta Aintzira Handietako eskualdeko, batez ere Ruanda eta Burundiko, beste batzuen arteko itunak bultzatzeko balio izan zuen. Ekintzak iraun zuen bitartean EMMk egindako ekimenak lau ardatzen inguruan izan ziren: emakumeen autonomia ekonomikoa; ondasun komunak eta zerbitzu publikoak, emakumeen aurkako indarkeria; eta bakea eta desmilitarizazioa. Ekintza hartan mundu osoko 3.000 lagun inguruk hartu zuten parte, gehienak emakumeak, 41 herrialdetako 220 emakumek osatutako EMMren nazioarteko ordezkaritza barne.
Topaketa hartan izen zen espaziorik ere emakumeen memoria kolektiborako. Urriaren 16an, Gerrako emakume martirien oroigarria (Mémorial aux femmes martyres de la guerre) egin zuten Mwengan (Hego Kivun), herri hartan, 1999an izandako indarkeria gertaerak gogoratzeko; izan ere, orduko hartan, 14 emakume torturatu, bortxatu, biluztu, gorputz osoa (genitalak barne) piperrautsez igurtzi eta bizirik lurperatu zituzten herritar guztien aurrean. Monumentu hori zigorgabetasunaren aurkako borrokaren ikurra da KEDn, inork inoiz ez baitu erantzukizunik hartu krimen haiengatik.
Ekintza horretan parte hartu zuten Kongoko emakumeen erakundeen artean, honako hauek daude: Synergie des Femmes pour les Victimes de Violences Sexuelles; Solidarité des Associations féminines pour le Droit de la Femme et de l’Enfant (SAFDF); Conseil des Organisations féminines Agissant en Synergie (COFAS); Collectif des Associations Féminines pour le Développement (CAFED); Collectif de Femmes Journalistes; Femmes Juristes pour la Défense des droits des Femmes; Réseau des Associations des femmes Juristes de l’Est (RAFESJE); Association des Femmes Juristes du Congo (AFEJUCO); Caucus des Femmes Congolaises du Sud-Kivu pour la Paix; Concertation de Collectif des Association des Femmes aux Grands Lacs (COCAFEM); Synergie des femmes pour la Paix et la Réconciliation des Peuples des Grands Lacs d’Afrique (SPR); eta Marche Mondiale des Femmes (Nord Kivu et Sud Kivu).