Irratien bitartez, indarkeria prebenitzeko eta salatzeko, zigorgabetasunari aurre egiteko eta emakumeak ahalduntzeko eta gizartearen berradiskidetzea sustatzeko helburuak dituen informazio eta komunikazio sistema ezartzea lortu dute.

Herrialdea: Kongoko Errepublika Demokratikoa

Kongoko AFEM-SK Hego Kivuko Hedabideetako Emakumeen Elkarteko (Association des Femmes des Médias du Sud Kivu) kide diren hainbat kazetarik, prestakuntza eta bide-laguntza komunitarioaren bitartez, kazetaritza sare informal bat sortu dute. Horretan,  emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta bakegintza sustatzeko tresna bezala erabiltzen dituzte hedabideak. Batez ere Hego Kivuko landa eremuetan eta urruneko eskualdeetan kokatzen diren tokiko erakundeetan parte hartzen duten emakumeek osatzen dute sarea. Hego Kivu Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean dagoen probintzia bat da, ondoz ondoko gatazka armatuen eraginez kalte handiak izan dituena. Probintziak sexu-indarkeria maila altuak ditu eta, beraz, sarearen helburua emakumeei isiltasuna hausten laguntzea da. Horrela, emakumeak isilarazitako biktimak izatetik herritar kontziente eta eskubideen aldeko aktibista izatera igarotzea lortu nahi dute.

Lan hori, bada, tokiko irrati komunitario eta partizipatiboen bitartez gauzatzen dute. Hedabide nagusiak boterearekin eta ustelkeriarekin bat datozelarik, prestakuntza eta baliabide logistikoak falta diren eta kazetaritzan aritzeak arriskuak dakartzan (kazetariak hil izan dituzte inolako zigorrik gabe) testuinguru horretan, tokiko irratiek parte hartzeko eta demokratizatzeko aukera berriak eskaintzen dituzte. Izan ere, irrati horiek, entzuteaz gain, hitz egiteko eta esperientziak zuzenean, modu kritiko, alternatibo eta baloratu batean eta berezko eta gertuko sentitutako modu batean partekatzeko aukera ematen dio jendeari. Hori bereziki garrantzitsua da emakumeentzat; horiek, aipatutako zailtasunez gain, sexismo gogorra pairatzen baitute (http://www.mamaradio.info/sud-kivu-lassociation-des-femmes-des-medias-afem-invite-la-communaute-a-promouvoir-la-femme/).

Irratien bitartez, indarkeria prebenitzeko eta salatzeko, zigorgabetasunari aurre egiteko eta emakumeak ahalduntzeko eta gizartearen berradiskidetzea sustatzeko helburuak dituen informazio eta komunikazio sistema ezartzea lortu dute. Bertan igorritako mezuek indarkeria eta hori babesten duten egiturak salatzen dituzte eta horiei zilegitasuna kentzen diete. Era berean, jarrerak hurbildu eta bakea lortzeko adostasunak lortu nahi dituzte. Zentzu horretan, beraz, bake-kultura sustatzen duen ekintza batez ari gara (https://www.educacion.gob.es/teseo/imprimirFicheroTesis.do?idFichero=IqqZfnPpv%2Fg%3D).

Bakearen aldeko kazetaritza horretan parte hartzen duten tokiko erakundeek elkarrekiko harremana dute, materialak, ideiak, prestakuntza eta bide-laguntza partekatzeko. Gainera, batzuetan, hartu-eman horiek mugak gainditu dituzte eta Erdialdeko Afrikako beste herrialde batzuekin, hala nola, Burundirekin edo Ruandarekin eta munduko beste herrialde batzuekin nazioarteko elkartasun-harremanak sortu dituzte. Esate baterako, AFEMek “Isiltasunari aurre eginez: sexu-indarkeriaren aurkako hedabideak” kanpainan parte hartu du. Horrek bizirik irten diren emakumeei hitza emateko, erantzuleak publikoki salatzeko eta justizia eta erreparazioa eskatzeko helburua du (http://www.rebelion.org/docs/60260.pdf).