Emakumeen Auzitegiak emakumeen kontrako bidegabekeriak eta indarkeriak, gerra garaian nahiz bake garaian, eta eremu pribatuan nahiz publikoan, jarraitu egiten duela ikusarazi nahi izan zuen.
Herrialdea: Antzinako Jugoslavia
2010ean, Antzinako Jugoslaviako herrialdeetako emakumeen hainbat erakundek Emakumeen Auzitegia (Women’s Court) izenekoa antolatzeko prozesuari ekin zioten; haien iritziz, tokiko, eskualdeko eta nazioarteko epai-sistemek ez zutelako ez aintzat hartu ez eta zuzenean zigortu ere 1990eko hamarkadan Balkanetan izandako gatazka armatuetan emakumeen kontra eragindako indarkeria. Hortaz, auzitegi sinboliko hori zigorgabetasunaren aurkako eta emakumeentzako justizia inplementatzeko borrokarako tresna alternatibo gisa sortu zen (https://www.zenskisud.org/en/2015.html).
Ekimen honen sorburuan Emakumeen Bakerako Koalizioa (Women’s Peace Coalition) nabarmendu zen, 2006an Belgradoko Beltzez Jantzitako Emakumeak taldeak (http://zeneucrnom.org/index.php?lang=en) eta Kosovoko Emakumeen Sareak (Kosovo Women’s Network, KWN) (http://www.womensnetwork.org/) bultzatuta, Serbiaren eta Kosovoren artean azken horren estatusari buruzko negoziazioen testuinguruan, eta negoziazio horietan emakumeen parte-hartzea elkarrekin erreibindikatzeko. Koalizioak berehala ikusi zuen beste emakume batzuekin elkartzeko eta haien justizia-eskaerak eskualde mailan indartzeko premia. Emakumeen Auzitegiaren antolamenduak bost urte baino gehiago iraun zuen, eta hiru ezaugarri berezi zituen: indarkeriaren biktima izan eta bizirik irten zirenek eta haiei aldekotasuna erakutsi dieten erakundeek bultzatu zuten; parte-hartzaileen artean horizontaltasuna eta kontsulta iraunkorra sustatu zuen; eta ikuspegi feminista hartu zuen, biktimaren zaintzan zentraturik, auzitegiek duten kontzeptu eta jardunaren “berrirudikatze feministarako” ariketa bat proposatuz.
Auzitegia osatzeko prozesuaren parte gisa, lehenengo urteetan ekimenaren aurkezpenak, tailerrak, ikastaroak eta jardunaldiak antolatu zituzten Antzinako Jugoslavia osoan, eta horrek lagundu egin zuen emakumeen eskubideei eta erreibindikazioei buruzko gogoeta eta eztabaida publikoa pizten. Auzitegiaren lehenengo jendaurreko saioa 2015eko maiatzaren 7tik 10era izan zen Sarajevon. Saio hartan, gatazka armatuan bertan nahiz ondoren pairatutako indarkeriari buruzko lekukotza eskaini zuten eskualde osoko emakumeek; halaber, gerraren, sexismoaren eta militarismoaren aurrean euren antolamendu eta erresistentzia-ekintzen berri ere eman zuten. Guztira, Antzinako Jugoslaviako eta atzerriko herrialdeetako 500dik gora lagun elkartu ziren. Emakumeen Auzitegiak emakumeen kontrako bidegabekeriak eta indarkeriak, gerra garaian nahiz bake garaian, eta eremu pribatuan nahiz publikoan, jarraitu egiten duela ikusarazi nahi izan zuen. Gainera, indarkeria modu guztien (genero-indarkeria, indarkeria etnikoa, sozio-ekonomikoa, militarra, politikoa, etab.) arteko loturetan eta emakumeei horrek nola eragiten dien, horretan jarri zuen arreta (ikusi bideoa).
Ekintza horretan honako erakunde hauek hartu zuten parte: Mothers of the Enclaves of Srebrenica and Zepa eta CURE Foundation Bosnia-Herzegovinan; Centre for Women’s Studies eta Centre for Women War Victims-ROSA Kroazian; Kosovo Women’s Network Kosovon; National Council for Gender Equality Mazedonian; Anima Montenegron; Women’s Lobby Eslovenian; eta Women’s Studies eta Women in Black Serbian.