Sexu-esklabotzako sistema instituzionalizatu horri buruzko egia ezkutuan izan da mendi erdiz, baina biktimak erresistentzian egon dira denbora horretan guztian.
Herrialdea: Japonia
1930ko hamarkadan, bere eragina Asian hedatzen ari zela, japoniar armada inperialak emakumeen sexu-esklabotzarako zentroak ezarri zituen, modu leungarrian “gozamen-zentro” izendatu zituztenak. Txinan, Taiwanen, Borneon eta Filipinetan eta Ozeano Bareko hainbat irlatan kokatutako zentro horietan armada inperialak hainbat emakume bortxatu zituen, eta Japoniako orduko gobernuak hori legeztatu eta baimendu zuen. Kalkuluen arabera, hainbat herrialdetako (Txina, Taiwan, Korea, Filipinak, Malasia, Indonesia, Herbehereak, Japonia, Timor, Vietnam, Thailandia, Birmania eta AEBak) 200.000 emakume inguruk pairatu zuten sexu-esklabotza. Hura krimen nabarmenetariko bat da sexu-indarkeria gerrako arma gisa erabiltzeari dagokionez. Gainera, NBEk 1996an argitaratutako ikerketa baten arabera, gerra amaitzean, sexu-esklabo bihurtutako emakumeetako asko hil egin zituzten (http://hrlibrary.umn.edu/commission/country52/53-add1.htm).
Sexu-esklabotzako sistema instituzionalizatu horri buruzko egia ezkutuan izan da mendi erdiz, baina biktimak erresistentzian egon dira denbora horretan guztian. Askok 1990ko hamarkadan hitz egin zuten, isolamendua, lotsa eta pobrezia jasan eta gero. Haien esperientzia ezagutzera ematean eta beren kasuak bakanak ez zirela konturatzean, antolakuntza prozesu bat abian jarri zuten. Horretatik, Japoniako gobernuari justizia eta pairatzen dituzten ondorio fisiko, psikologiko eta sozialen erreparazio osoa eskatzeko nazioarteko kanpaina bat sortu zen. Emakume horiek, bada, zigorgabetasunaren aurka borrokatzen dira, erlojuaren kontra gainera; izan ere, gehienak adin handikoak dira eta asko justizia lortu gabe hil egin dira.
1991ean, lehen aldiz, biktima-talde batek salaketa jarri zion Japoniako gobernuari giza eskubideak urratzeagatik. Horrek nazioarteko interesa erakarri zuen eta gobernuak publikoki onartu behar izan zuen gerran horrelako zentroak izan zirela (https://www.britannica.com/topic/comfort-women). 1992ko urtarrilaren 8tik, Hego Koreako emakumeak “asteazkeneko manifestazioa” ospatzen dute, Seuleko japoniar enbaxadaren aurrean, “Japoniako gobernua, behingoz, sexu-esklabotzaren auziari erantzun egokia eman arte”. Izan ere, gobernuak krimen horren gainean duen erantzukizun legalari uko egiten dio.
Beste ekintza nabarmen bat izan zen 2000. urtean Tokion ospatutako Japoniako Armadaren Sexu Esklabotza Epaitzeko Gerrako Krimenei buruzko Emakumeen Nazioarteko Auzitegia. Feminismoaren eta giza eskubideen hainbat erakunderekin batera, emakume biktimek herri auzitegi horren protagonistak izan ziren. Auzitegiak hainbat gomendio egin zizkion Japoniako Gobernuari erreparazio neurriak har zitzan, hala nola erantzukizuna onartzea; biktimei kalteak ordaintzea; egitateak ondo ikertzea; zegoen dokumentazioa gordetzea; gerran, trantsizioan eta okupazioan zehar egindako generoko delituak argitzeko egiaren batzorde bat ezartzea; edo erantzule nagusiak identifikatzea eta zigortzea (https://www.amnesty.org/es/documents/asa22/001/2010/es/).