Mozambikeko emakumeen eta feministen mugimenduak borrokan jarraitzen du, eta, horretarako, azterketa politikoak egiten ditu, indarkeriaren ondorioei aurre egiten die, gerraren aurka agertzen da eta emakumeen eskubideak babesten ditu.

Herrialdea: Mozambike

Mozambikek hainbat gatazka armatu izan ditu bere historia berrian. Portugalen aurkako askapen gerraren ostean (1962-1975), gobernuaren eta Mozambike Askatzeko Frontearen (Frelimo) eta Mozambikeko Erresistentzia Nazionalaren (Renamo) arteko gerra zibila etorri zen (1976-1992). Nolabaiteko barealdi baten ondoren, tentsioak agertu ziren berriz ere eta gatazka armatu berriak piztu ziren (2013-2019). Azken urteotan, gatazka larriagotu egin da, batez ere iparraldean dagoen Cabo Delgado probintzian; hura mineral eta hidrokarburo ugari dituen eskualdea baita.

Testuinguru horretan, bada, Mozambikeko emakumeen eta feministen mugimenduak borrokan jarraitzen du, eta, horretarako, azterketa politikoak egiten ditu, indarkeriaren ondorioei aurre egiten die, gerraren aurka agertzen da eta emakumeen eskubideak babesten ditu. Azken urteetako ekintza nabarmenetako bat izan da “Bakeari, Segurtasunari eta Ahalduntze Ekonomikoari buruzko Emakume Feministen eta Gizarte Mugimenduen Nazioarteko Elkartasun Kanpamentua”. Hura 2018ko azaroaren 6an eta 7an ospatu zuten Sofala probintziako Gorongosa barrutian dagoen Canda herrian, hain zuzen, Povoado de Nhamaze herrixkan. Barruti hura, bada, herrialdean izandako hainbat gatazka armaturen ondorioak pairatu ditu (https://repositorio.uam.es/handle/10486/702471).

Elkartasun Kanpamentuan 300 emakume bildu ziren, Mozambikeko leku guztietatik eta Afrikako beste herrialde batzuetatik etorriak, hala nola Angolatik, Zimbabwetik, Kongoko Errepublika Demokratikotik eta baita Kolonbiako Emakumeen Ibilbide Baketsutik ere. Kanpamentua Grupo de Mulheres de Partilha de Ideias de Sofala (GMPIS) taldeak antolatu zuen, erdialdeko eskualdeko emakumeen mugimenduko beste erakunde batzuekin batera, hala nola LEMUSICA eta NAFET erakundeekin. Erakunde horiek guztiak Emakumeen Mundu Martxako kide dira. Bestalde, kanpamentuaren garapena “Mexeu com uma – Mexeu com todas” laburpen audiobisualean ikus daiteke (ikusi bideoa).

Lanean bi egun eman eta gero, partaideek Amaierako Deklarazio bat egin zuten, beren ondorioak eta Mozambikeko bakeari eta segurtasunari buruz zituzten eskaerak biltzeko (https://aliadasemmovimento.org/site/?p=1180&lang=en). Deklarazioan, partaideek gerraren eta haren ondorioen aurkako jarrera erakusten dute. Ondorioen artean, honako hauek galtzea aurkitzen dugu: zirkulazio-askatasuna, ondasunak, abereak, janaria, haurrentzako hezkuntza, osasuna, lana eta beste jarduera ekonomiko batzuk, oinarrizko azpiegiturak eta natura bera ere. Era esplizituan, deklarazioak emakumeek pairatutako sexu-indarkeria eta bortxaketen ondorioz jaiotako haurrak aipatzen ditu. Halaber, gogorarazten du emakume kaltetuek ez dutela inolako laguntzarik jaso gobernutik, adibidez, gerrako traumak lantzera bideratutako laguntza psikosoziala. Emakumeek indarkeria armatua kritikatzen dute, eta erauzketa jardueraren eta herrialdeko baliabide naturalen inguruan hura handitzen dela salatzen dute. Horrek, bada, pobretzea eragiten die haiei eta haien familia eta komunitateei.

Egiten dituzten eskaeren artean aurkitzen ditugu desmilitarizazioa eta armak entregatzea; benetako bake bat lortzera bideratutako elkarrizketa eta negoziazioa; ospitaleak, eskolak, errepideak, fabrikak eta beste azpiegitura batzuk berreraikitzea; gerrako biktima diren emakumeei erreparazioa ematea (kalte-ordainak ere); alfabetizazio- eta trebakuntza-neurriak emakumeak ahalduntzeko, batez ere autonomia ekonomikoa izan dezaten; emakumeek lurra eta ekoizpen-baliabideak lortzera bideratutako neurriak; edo meatzaritzari buruzko lege eta politika nazionalak berrikustea. Azkenik, Kanpamentuan hartutako akordio bi hauek nabarmendu nahi ditugu: alde batetik, bakeko, segurtasuneko, gatazkak konpontzeko eta emakumeen ahalduntze ekonomikorako batzordeen osaketa barrutia mailan, emakumeek eurek antolatuko dituztenak; eta, bestetik, Bakeari eta Segurtasunari buruzko Emakumeen Nazioarteko Eskola baten eraketa, beste herrialde batzuetako emakumeekin esperientziak partekatzen laguntzeko helburua duena.