Jerusalem Lotura sortu zenetik, emakume palestinarrek eta israeldarrek hainbat ekintza egin zituzten elkarrekin, hala nola kontzertuak, eztabaidatzeko eremuak eta 10.000 pertsonako manifestazio bat izan zituen kanpaina bat.

Herrialdeak: Palestina eta Israel

Israelgo eta Palestinako emakumeen bakearen aldeko aktibismoan, aipatzekoa da Jerusalem  Lotura (Jerusalem Link) esperientzia. Ekimen horrek, 1994az geroztik, Jerusalemeko bi erakunde hauek elkartu ditu: Israelgo Bat Shalom-The Jerusalem Women’s Action Center emakumeen erakundea (https://batshalom.org) eta Palestinako Marcaz al-Quds la l-Nissah Jerusalemeko emakumeentzako Zentroa (http://www.j-c-w.org). Haien arteko lehenengo harremanak 1988an eman ziren, modu klandestinoan; une hartan debekatuta eta zigortuta baitzegoen bi komunitate horien arteko elkarrizketa. Izan ere, hura traiziotzat hartzen zuten, eta etsaia aintzat hartzeko modu bat zela ulertzen zuten. Maila indibidualean, zenbait emakumek ezkutuan elkartzea erabaki zuten eta elkarlanerako oinarrizko printzipioak ezarri zituzten. Adibidez, ados egon ziren eskubide nazional eta politikoak aldarrikatzearekin, Palestinaren Askapenerako Erakundea aintzat hartzearekin eta indarkeria ez onartzearekin.

Jerusalem Lotura sortu zenetik, emakume palestinarrek eta israeldarrek hainbat ekintza egin zituzten elkarrekin, hala nola kontzertuak, eztabaidatzeko eremuak eta 10.000 pertsonako manifestazio bat izan zituen kanpaina bat. Halaber, ados egon ziren Israelek Gazan eta Zisjordanian duen okupazioa ilegala zela eta gatazkaren eta haren iraupenaren kausetako bat zela. Oinarri komun hark okupazioa salatzeko baterako ekintzak egiteko aukera eman zien. Esate baterako, 2003ko ekainaren 4an Kalandyako kontrol-postuan manifestatu ziren duintasuna, askatasuna, gizarte justizia eta giza-eskubideak babesten dituen bake bat eskatzeko. Israelek ezarritako apartheida eta hilketako, atxiloketa masiboko, etxeratze-aginduko eta lurralde okupatuetan etxeak suntsitzeko politika salatu zuten. Jerusalem Loturak honako hauek bermatzen dituen bake bat eskatzen du: Jerusalem partekatzea, asentamenduak kentzea, errefuxiatu palestinarren auziari bidezko konponbidea ematea eta emakumeak bake-negoziazioetan sartzea. 2001ean, erakunde biek Printzipioen deklarazio bat adostu zuten (https://batshalom.org/principles), eta hura 2017an eguneratu zuten beste deklarazio baten bitartez (https://batshalom.org/declaration).

Elkartasun-ardatz horiek ez dute esan nahi erakunde biak ados daudenik gatazkari eta haren konponbideari buruzko beste alderdi guztietan. Izan ere, 1997tik 2001era bitartean Jerusalemeko Emakumeentzako Zentroaren zuzendari izandako Sumaya Farhat-Naserrek gogorarazi zuen erakunde biek modu independentean lan egiten dutela, beren identitate politikoa eta kulturala mantentzen dutela, eta bakegintza lantzeko ikuspegi desberdina dutela. Zentzu horretan, Bat Shalom erakundeko zuzendariak honela azaltzen zituen bien arteko motibazio desberdinak: “Emakume palestinarrek auzi politikoei buruz eztabaidatzeko eskatzen digute, emakume israeldarrok, ordea, adiskidetasun-harremanak sortu nahi ditugu. Emakume israeldarrok gauez hobeto lo egiteko hartzen dugu parte elkarrizketa taldeetan; emakume palestinarrek, ordea, israeldarrok lasai lo egin dezagun ekiditeko”.

Gatazkaren esperientzia oso desberdina da bientzat eta konturatzen dira beren bizi baldintzetan asimetria handia dagoela. Horrek, bada, berdintasunezko lankidetza-harreman bat ezartzeko aukerak murrizten ditu. Esparru horretan, garrantzi handiagoa hartzen du hitz egiteko eta adostasunak zehazteko ahaleginak; horien inguruan bakearen aldeko ekintza bateratuak egin ahal izateko.