Hamar emakume horien prozesuak garrantzi handia du, ez soilik zor zaien justiziagatik, baizik eta haien lanak gerrako sexu-indarkeria gizarte-eztabaidan sartzen eta El Salvadorreko justiziaren generoko joerak kolokan jartzen laguntzen duelako ere.

Herrialdea: El Salvador

2018tik 2021era bitartean, El Salvadorreko gatazka armatuan sexu-indarkeria pairatu zuten hamar emakumek salaketa aurkeztu zuten Errepublikako Fiskaltza Nagusian, hark kasuak ikertu eta justizia egin zezan. Ekintza publiko hori posible izan zen, alde batetik, indarkeria pairatutako emakume horien adoreagatik eta, bestetik, “Madeleine Lagadec” Giza Eskubideak Sustatzeko Zentroaren (GESZ) laguntza antolatzaile eta psikosozialari esker (https://www.facebook.com/people/CPDH-Madeleine-Lagadec/100064804446185). Elkarte hura, neurri handi batean, Estatuaren indarkeria pairatu duten hainbat pertsonak eta giza eskubideen hainbat defendatzailek osatzen dute, eta gerran egindako krimenen egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak exijitzeko lan egiten du.

Salaketa egin zuten hamar emakumeek 14tik 32 urtera bitarteko adinak zituzten salatutako indarkeriak pairatu zituztenean. Mehatxuez, kolpeez, torturez, desagertzeez edo senideen hilketez gain, emakumeek beren aurkako sexu-indarkeria salatu zuten, hala nola bortxaketak, maiz, errepikatuak eta kolektiboak, eta zenbait kasutan haurdunaldiak eragin zituztenak. Sexu-indarkeria hori 1974tik 1986ra bitartean gertatu zen, El Salvadorreko hainbat tokitan jazarpen politiko handiko testuingurua zegoela. Egileak honako hauek izan ziren: Indar Armatuko soldaduak, polizia-talde desberdinetako agenteak, talde paramilitarretako kideak (adibidez, ORDEN-Organización Democrática Nacional), heriotza-eskuadroiak eta, kasu batean, gerrillako arduradun bat.

Biktimen eta giza eskubideen mugimenduek ahalegin handiak egin behar izan zituzten baina, azkenik, 2016an, Justizia Auzitegi Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen 1993an ezarritako Amnistia Orokorra. Horrekin, bada, gerrako krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ikertzea eta epaitzea ekidin nahi zuten. Izan ere, El Salvadorreko Egiaren Batzordearen Amaierako Txostenaren arabera (https://digitallibrary.un.org/record/183599?ln=es), kasuen % 85 Estatuaren erantzukizuna ziren. Txostena Amnistia Orokorra onartu baino egun batzuk lehenago argitaratu zuten. Beraz, Amnistiaren indargabetzea lorpen garrantzitsu bat izan zen giza eskubideen mugimenduarentzat eta, bereziki, biktimentzat; izan ere, harrezkeroztik, biktimek ekintza legalak abian jarri dituzte justizia exijitzeko. Hala ere, El Salvadorreko justizia-sistemak ez du egia argitzeko eta justizia egiteko borondate edo premia berezirik erakutsi. Zenbait ikerketak, hala nola Fundación para el Debido Proceso erakundeak egindakoak, salatu dute biktimek aurkeztutako kasuak ez direla behar bezala judizializatu eta, hain zuzen, ez dela zigor-epairik eman (https://dplf.org/es/resources/infografia-denuncias-de-casos-sobre-conflicto-armado-presentadas-por-las-victimas-ante-el).

Egoera txarra bada ere, emakume demandatzaileek eta giza eskubideen erakundeek (adibidez, GESZ) zigorgabetasunaren eta, kasu honetan, sexu-indarkeriaren zigorgabetasunaren aurka lan egiten jarraitzen dute. Hamar emakume horien prozesuak garrantzi handia du, ez soilik zor zaien justiziagatik, baizik eta haien lanak gerrako sexu-indarkeria gizarte-eztabaidan sartzen eta El Salvadorreko justiziaren generoko joerak kolokan jartzen laguntzen duelako ere.

Azaleko portadaren autorea: Mugarik Gabe. Irudiaren iturria: https://mugarikgabenafarroa.org/category/video/