Sepur Zarcoko epaiketa historikoa bizirik irten ziren biktimen ausardiari eta tinkotasunari esker egin ahal izan zen, bai eta mugimendu feminista eta giza eskubideen aldeko mugimenduko erakundeen lanari esker ere.
Herrialdea: Guatemala
2016ko otsailaren 26an, Guatemala Hiriko “A” taldeko Arrisku Handieneko Zigor Epaiko Lehenengo Auzitegiak militar bat eta komisionatu militar baten aurkako zigor-epaia eman zuen; Polochic Bailarako komunitatea den Sepur Zarcon kokaturik zegoen destakamentu militarraren arduradunak biak. Epaiaren arabera, biek eragin zizkieten hamaika q’eqchi’ emakume maiari sexu-indarkeria eta tratu umiliagarri eta laidogarriak. Gainera, hiru emakumeren hilketagatik eta komunitateko zazpi buruzagiren desagertze behartuagatik ere zigortu zituzten (https://mujerestransformandoelmundo.org/documentos).
1982an, lurraren aldeko borrokan ziharduten eskualde hartako komunitateko buruzagiak atxilotu eta desagerrarazi zituen armadak, sexu bortxaketak eragin eta komunitateetan etxeak eta uztak suntsitu zituen. “Eremu hartako destakamentu asko finka pribatuetan eraiki zituzten, komunitateko kideen eskulanarekin. Finken jabeek –haiekin ari ziren q’eqchi’ biztanleak lurraren jabetza borrokatzen– destakamentuetarako lurrak ez ezik komunitateko buruzagien izenak ere eman zizkieten armadako kideei” (http://unamg.org/publicaciones). Gertaera horien ondoren, armada Sepur Zaco destakamentuan kokatu zen, eta han, inguru hartako emakume eta neskatxa asko, desagerrarazitako gizonen emazteak barne, behartu egin zituzten militarrentzako jakiak prestatzera, haien zerbitzura egotera eta haien uniformeak garbitzera, eta behin eta berriz eta sistematikoki bortxatu zituzten. Egoerak horrek sei urte iraun zuen, 1988an destakamentua kendu zuten arte. Armadako goi agintariek planifikatu eta zuzenduriko jardun kriminala izan zen..
2000.eko hamarkadatik aurrera, eskualdeko sexu-indarkeria pairatu zuten emakumeekin lanean hasi ziren emakumeen hainbat erakunde, eta laguntza psikosoziala eskaintzeaz gain, eskubideen inguruko formazioak burutu zituzten. Bide horri esker, 2010ean, Gatazka armatuan emakumeen aurkako sexu-indarkeriaren kontrako Kontzientzia Auzitegia antolatu zuten Guatemala Hirian; balio sinboliko handiko ekintza izan zen, eta bizirik irten ziren emakumeetako askok sistema nazionalaren aurrean justizia eskatzen jarraitu, eta, azkenik, 2011n zigor-kereila aurkez zezaten lagundu zuen. Sepur Zarcon sexu-indarkeria pairatu eta bizirik iraun zuten emakumeei auzi estrategikotik laguntzeko, Unión Nacional de Mujeres Guatemaltecas (UNAMG), Equipo de Estudios Comunitarios y Acción Psicosocial (ECAP) eta Mujeres Transformando el Mundo (MTM) erakundeek Alianza Rompiendo el Silencio y la Impunidad (Isiltasuna eta zigorgabetasuna hausteko aliantza) osatu zuten.
Sepur Zarcoko epaiketa historikoa bizirik irten ziren biktimen ausardiari eta tinkotasunari esker egin ahal izan zen, bai eta mugimendu feminista eta giza eskubideen aldeko mugimenduko erakundeen lanari esker ere. Kasu horretan eman zen epaia eta haren ostean etorri zen erreparazio duinerako entzunaldia -zeinetan indarkeriaren ondorio material, fisiko eta psikologikoengatiko ordain-neurriak agindu zituen Auzitegiak- aurrekaririk ez duten lorpenak dira gatazka armatuetan emakumeei eragindako sexu-krimenen zigorgabetasunaren aurkako borroka globalean.