Zugan pentsatzen ekintzari esker, gatazka armatuan emakumeen kontra eragindako sexu-indarkeriaren hamarkada luzeko isiltasuna hautsi zen.
Herrialdea: Kosovo
2015eko ekainean, Kosovoko emakumeek Mendoj per ty (Zugan pentsatzen) ekintza gauzatu zuten; 5.000 soineko eta gona eseki zituzten hiriburuko, Pristinako, futbol-zelaia zeharkatzen zuten 45 soka-lerroetatik, gerra garaian sexu-indarkeria pairatu eta bizirik irten ziren emakumeak ikusarazten eta aintzat hartuak izan zitezen laguntzeko. Ekintza hura Kosovoko artista baten ideia izan zen, eta prestaketarako, hainbat eta hainbat emakumek eman zituzten jantziak, lurraldean bertan nahiz diasporan (ikusi bideoa).
Kosovoko Askapen Armadaren (ELK) eta Serbiako eta Jugoslaviako indarren arteko eta horien eta NATOren arteko Kosovoko gerrak iraun zuen bitartean (1996-1999), sexu-indarkeria gerra-arma eta garbiketa etnikorako armatzat erabili zuten. Estimazioak aldakorrak dira, baina kalkuluen arabera, sexu-indarkeria eragin zieten 20.000 inguru emakume albaniarri Serbiako militar, polizia eta paramilitarrek. Krimen horren maila oso handia izan arren –eta hein txikiagoan bada ere, soldatu albaniarrek emakume serbiarren kontra ere eragin zutena–, isiltasuna nagusitu da, eta horrekin, bizirik iraun zuten biktimen aldekotasunik eza, Kosovoko emakumeen erakundeen kasuan izan ezik, horiek izan baitira indarkeria hori salatu dutenak. Kosovon, emakumeen mugimendua Kosovoko Emakumeen Sarea (Kosovo Women’s Network, KWN) (http://www.womensnetwork.org/) osatzen duten ehundik gora erakundetan parte hartzen duten aktibistek osatzen dute, eta hori da herrialde hartako egiturarik garrantzitsuena emakumeen eskubideen aldeko borrokan; egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak barne.
Zugan pentsatzen ekintzari esker, gatazka armatuan emakumeen kontra eragindako sexu-indarkeriaren hamarkada luzeko isiltasuna hautsi zen, zuzenean interpelatu baitzuen Kosovoko gizarte osoa. Instalazio hartan “trapu zikinak jendaurrean erakusteko” ideia zerabilten; hau da, sexu-indarkeria gai pribatu gisa tratatzeari utzi eta gizartearen erantzuna eskatzen duen gai publiko gisa onartzeko deia zen. Aldi berean, ekintza horren bidez erreibindikatu zen esekitako jantziak garbi zeudela, bizirik iraun zuten emakumeak bezala, ez baitziren jasandako indarkeriaren erantzule izan (https://www.theguardian.com/world/2015/jun/11/kosovo-sexual-violence-survivors-art-dresses). Oso mezu garrantzitsua da kontuan hartuta, sarritan, emakumeen kontra eragindako sexu-krimenen errudun bihurtzen direla emakumeak berak; gainera, maskulinotasunaren ikur eta adierazpen sexisten ohiko espazioa den futbol-zelai batean zabaldu zen mezua. Urte askoan, sexu-indarkeria pairatu eta bizirik iraun duten emakume kosovarrek ez dute inolako laguntzarik eduki. Emakumeen euren eta haien familien ohore-galerarekin lotzen jarraitzen den indarkeria mota horren aurrean, biktima gehienek ez dituzte gertaerak salatzen, errua haiei leporatuko zaielako beldur, estigmatizatu edo familia eta komunitateetatik egotziko dituztelako beldur.
Horren moduko ekimenek eta Kosovoko Emakumeen Sareak egiten duen lanak sexu-indarkeria pairatu eta bizirik iraun duten emakumeak juridikoki eta sozialki gerra-biktima direla onartzeko urratsa egitea ahalbidetu dute.