Indarkeriarik-ezezko izaera eta nazioarteko babesa zuen arren, Kanpainak Irango erregimenaren erasoak jaso zituen.

Herrialdea: Iran

Emakumeen eskubideen aldeko Yek Milyun Emzā barā-ye Laghv-e Qavānin-e Tab’iz Āmiz ekimena –Milioi bat sinadura kanpaina, lege diskriminatzaileak aldatzeko helburua duena– Iranen abiatu zen 2006ko ekainaren 12an. Haren helburua emakumeen aurkako lege diskriminatzaileak aldatzea zen, gizonen eskubide berdinak lortzeko, besteak beste, dibortziatzean, seme-alaben kustodian, soldatetan eta oinordetzan. Kanpainak milioi bat sinadura biltzea proposatu zuen eskaera hura Irango parlamentuari aurkezteko. Ekimenak emakume feminista erlijiosoak eta laikoak bildu zituen eta haien ikuspegiak emakumeen eskubideen alde batzea lortu zuen. Hala, mugimenduak aintzatespen handia izan zuen nazioartean eta hainbat sari jaso zituen, horien artean Olof Palme Saria 2008an eta Simone de Beauvoir Saria 2009an (https://learningpartnership.org/sites/default/files/resources/pdfs/One-Million-Signatures-Campaign-English.pdf).

Indarkeriarik-ezezko izaera eta nazioarteko babesa zuen arren, Kanpainak Irango erregimenaren erasoak jaso zituen. Esate baterako, Parvin Ardalan eta Noushin Ahmadi Khorasani ekimenaren sustatzaileak behin baino gehiagotan atxilotu izan ditu erregimenak. Izan ere, Parvin Ardalan, gaur egun, erbestean dago, Suedian, hain zuzen ere, eta, bertatik, Irango mugimendu feminista laguntzen jarraitzen du.

Estimazioen arabera, zazpi milioi irandar inguru erbestean bizi dira. Diaspora hura, neurri handi batean, giza eskubideen eta feminismoaren aldeko aktibistek osatzen dute. Estatu Batuetatik Masih Alinejad kazetari irandarrak bi kanpaina berri sustatu ditu: My Stealthy Freedom (MSF). Campaing against compulsory hijab in Iran eta White Wednesdays. Lehenengoa emakume irandarrek Irango leku publikoetan belorik gabe egindako argazkiak edota bideoak argitaratzeko gunea da. MSF 2014ko maiatzaren 3an ezagutzera eman zen eta hamar egunetan 130.000 like baino gehiago izan zituen. Halaber, haren hashtag-a astean milioi bat aldiz partekatua izan zen (https://www.mystealthyfreedom.org). Bestalde, White Wednesdays kanpaina 2017ko maiatzaren 29an sortu zen eta hark ere belorik gabe edo belo zuria eskuetan Irango leku publikoetan egindako argazkiak eta/edo bideoak partekatzen dituzten emakumeak bildu zituen (https://www.bbc.com/news/world-middle-east-40218711). Horrelako kanpainek, sare sozialen bitartez, emakumeek Iranen duten egoera bistaratzea eta nazioen arteko mugak oso arin gainditzea lortu dute.