2019tik, senideen bila dauden amek eta familiek hilobi klandestinoetan 1230 hildako aurkitzea lortu dute eta beste 1300 pertsona bizirik aurkitu dituzte herrialdeko hainbat lekutan.

Herrialdea: Mexiko

Desagertutako eta Aurkitu Gabeko Pertsonen Mexikoko Erregistro Nazionalaren datuen arabera, 2022aren amaieran 107.000 lagun baino gehiago zeuden desagertuta. Horien % 25 emakumeak dira; izan ere, egunean hamar desagertzen dira, eta, hortaz, kopuru hori % 10 hazi da 2018tik (https://mexico.unwomen.org/es/stories/noticia/2022/12/madres-y-familias-buscadoras-les-quitaron-todo-hasta-el-miedo). Testuinguru horretan, amek eta senideek hainbat kolektibo osatu dituzte herrialdean, “narkoaren aurkako gerraren” esparruko desagertze behartuen biktimak bilatzeko. Egia jakiteko eta justizia lortzeko eskubidearen alde borrokatzen dira. Kolektibo horien artean honako hauek ditugu: Madres y Guerreras Buscadoras de Sonora, Mariposas Buscando Corazones y Justicia, Ángeles de pie por ti, Corazones sin Justicia eta beste batzuk. Kolektibo horiez gain badaude 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan sortutako beste batzuk, hala nola Comité Eureka (Mexikoko preso, jazarri, desagertu eta erbesteratu politikoak defendatzeko batzordea). Hura Mexikoko Estatuak ezkerreko mugimendu politikoen aurka egindako “gerra zikinaren” biktimen senitartekoek osatzen dute.

Movimiento por Nuestros Desaparecidos en México (MNDM) mugimenduak, bada, senideen bila dauden amek eta familiek osatutako hainbat erakunde biltzen ditu. Haren ibilbidea 2015ean hasi zen, eta desagertzeei buruzko Mexikoko lehen Lege Orokorra batera eskatzeko helburua zuen. Legea, azkenik, 2018ko urtarrilaren 2an sartu zen indarrean (https://memoriamndm.org/sobre-el-movndmx). MNDM mugimenduan, gaur egun, Mexikoko 24 estatuko eta Erdialdeko Amerikako hiru herrialdeko 80 kolektibok parte hartzen dute.

2019tik, senideen bila dauden amek eta familiek hilobi klandestinoetan 1230 hildako aurkitzea lortu dute. Gainera, beste 1300 pertsona bizirik aurkitu dituzte herrialdeko hainbat lekutan. Pertsona horiek beren migrazio ibilbidean bahituak eta gaizki tratatuak izan ziren AEBetako mugan. Desagertuen amek eta familiek salatzen dute Mexikoko Estatua ez dela pertsona horiek bilatzeaz arduratzen eta biktimen senideen esku uzten duela eginkizun hura. Hori, berez, indarkeria da (https://www.opendemocracy.net/es/madres-buscadoras-testimonio-drama-desaparecidos-mexico).

Senitartekoak bilatzea eginkizun zaila eta oso arriskutsua da. Haien antolakuntzaren eta aktibismoaren ondorioz, hainbat amak eta senitartekok heriotza-mehatxuak jaso dituzte, eta horietako batzuk hil ere egin dituzte, hala nola Arantza Ramos Gurrola. 2021ean, hil zutenean, Arantza senarraren bila zebilen Ejido Ortizen; izan ere, bertan zenbait errausketa-labe klandestino aurkitu dituzte eta, ondorioz, “sarraski aktiboko” gunetzat hartzen dute. Beste adibide batzuk daude, besteak beste, Rosario Lilian Rodríguez Barraza, bere semearen bila zebilela 2022ko abuztuaren 30ean hil zutena (hain zuzen ere, Desagertze Behartuen Biktimen aldeko Nazioarteko Egunean); edo  María Carmela Vázquez, bere semea bilatzeagatik 2022aren amaieran hil zutena (lehenago ere bere alaba Lesly Zuñiga Vázquez hil zuten arrazoi beragatik). MNDM mugimenduak azpimarratzen du bilatzen ari diren amak eta familiak babesgabetasun egoera larrian daudela, agintariek nahi ez duten lekuetan bilatzeagatik. Hala, Mexikoko Estatuari exijitzen dio komunikazio-kanal bat zabaltzea eta lan-eremu bat eratzea, bilatzen ari direnen segurtasunaren eta babes efektiboaren gaia lantzeko.

Sin tregua film laburretik ateratako azaleko irudia, desagertutako pertsonen amen eta senideen historia kontatzen duena. Informazio gehiago www.memoriamndm.org webgunean.