Emakume horietako gehienak, bada, 1990ko hamarkadan Turkiako Estatuak PKKren (Kurdistaneko Langileen Alderdia) eta zibil kurduen aurka abiatutako kontrainsurgentzia programek eragindako biktimen amak dira.

Herrialdea: Turkia

1995eko maiatzaren 27tik, emakume talde bat –Argentinako Maiatzeko Plazako Amen ekimenean inspiratuta– Istanbul erdialdean dagoen Galatasaray plazan manifestatzen da larunbatero eguerdiko 12:00etan. Manifestazioen helburua da beren seme-alaben desagertzeei eta hilketei buruzko egia eskatzea eta justizia exijitzea, horien atzean Turkiako Estatuaren segurtasun indarrak baitaude. Emakume horietako gehienak, bada, 1990ko hamarkadan Turkiako Estatuak PKKren (Kurdistaneko Langileen Alderdia) eta zibil kurduen aurka abiatutako kontrainsurgentzia programek eragindako biktimen amak dira. Urte horietan, izan ere, ohikoa zen segurtasun indarrek eta inteligentziak biztanle kurduak bizi ziren lekuetan hedatzea, eta eramaten zituzten pertsonak beren zaintzapean desagertzen edo hiltzen zituzten (https://www.opendemocracy.net/en/saturday-mothers). Taldean, halaber, 1980ko Estatu kolpearen ondorioz desagertutako edo hildako pertsonen amak ere aurkitzen ditugu. Pertsona horiek oposizioko taldeetako kideak ziren, hala nola ezkerreko alderdi politikoetakoak edo sindikatuetakoak.

Protestetan, isilik, seme-alaben argazkiak daramatzate, eta, maiz, poliziaren indarkeria pairatu behar izan dute. Errepresioaren une gorena 2018ko abuztuaren 25ean izan zen. Egun horretan mugimenduaren 700. elkarretaratzea zen, eta Istanbuleko poliziak negar-gasa eta ur-kanoiak erabili zituen bertaratutakoak sakabanatzeko, horien artean amak -horietako batzuk 80 urte baino gehiago zituztenak-, desagertutako biktimen beste senide batzuk eta borroka hori laguntzen zuten beste zenbait pertsona. Egun hartan 46 lagun atxilotu zituzten, hala nola giza eskubideen defendatzaileak, aktibista politikoak, kazetariak eta biktimen senideak, eta protesta ilegal batean parte hartzea leporatu zieten, Bileren eta Manifestazioen Legearen arabera.

Atxilotutako pertsona horiek epaituak izaten ari dira eta zenbait urteko kartzela-zigorrak izan ditzakete, mugimendu horren kriminalizaziorako estatu-operazioaren esparruan. Amnesty Internationalen arabera, Turkian izandako protesta baketsurik luzeena da hura, eta herrialdean modu baketsuan biltzeko eskubidearen erabileran ezartzen ari diren murrizketa larrien eta ilegalen erakusgarri da (https://www.amnestyusa.org/the-saturday-mothers).

2018ko atxiloketen ondoren, poliziak Galatasaray plaza hesitu zuen eta bertan inolako manifestaziorik egitea debekatu zuten. “Larunbateko Amen” manifestazioak Giza Eskubideen Elkartearen (IHD) eraikinaren aurrean egitera pasatu ziren, baina COVID 19aren pandemiarekin ezarritako konfinamenduaren ondorioz manifestazioak egitea debekatu zuten eta hala jarraitzen du oraindik ere. Hortaz, mugimenduak beste bide batzuk erabili ditu larunbatero Estatuari egia eta justizia exijitzen jarraitzeko, hala nola bideoak eta internet bidez elkarrizketak egitea, baina estatuak ez die inolako erantzunik ematen. “Ehunka desagertu daude eta ikerketa judizialen % 90  absoluzioarekin bukatu dira, ez dute ezer egin. Hogei urte geroago, kasuetako asko itxi dituzte, lekukotzak gorabehera, frogak gorabehera” (https://www.publico.es/internacional/madres-turcas-28-anos-busca-justicia-reparacion.html).