Topaketak desmilitarizazioaren eta segurtasunaren deskolonizazioaren gainean ikuspegi feminista batetik hausnartzeko eta lan-estrategiak lantzeko aukera eman zien Sareko emakumeei.

Herrialdea: Japonia

2017ko ekainaren 22tik 26ra bitartean, Militarismoaren aurkako Emakumeen Nazioarteko Sarearen (The International Women’s Network Against Militarism) (http://iwnam.org) 9. Topaketa ospatu zuten Japoniako Okinawa hirian. Topaketak AEBen militarismoaren aurkako elkartasun sare horren 20. urteurrena ospatzeko balio izan zuen. Sareak Hego Koreako, Filipinetako, Okinawako, Japonia kontinentaleko eta AEB kontinentaleko emakumeak biltzen ditu. Geroago, Puerto Ricoko, Guameko eta Hawaiiko beste hainbat emakume ere gehitu ziren. Izan ere, leku horietan guztietan, AEBetako base eta operazio militarrek eragindako arazoak pairatzen dituzte, hala nola militarrek erabilitako sexu-indarkeria, ingurumena hondatzea eta kolonialismoa.

Topaketak desmilitarizazioaren eta segurtasunaren deskolonizazioaren gainean ikuspegi feminista batetik hausnartzeko eta lan-estrategiak lantzeko aukera eman zien Sareko emakumeei. Zenbait egunez, honako gai hauei buruz eztabaidatu zuten: sexu-indarkeria eta militarrak, deskolonizazioa eta autonomia ekonomikoa, militarizazioak eguneroko bizitzan duen eragina, militarrek ingurumena hondatzea, herri indigenen gisa eskubideen urraketa eta kultura indigenak eta haien lur sakratuak hondatzea operazio militarren ondorioz.

Topaketaren emaitza gisa,  Militarismoaren aurkako Emakumeen Nazioarteko Sareak  amaierako Deklarazio bat onartu zuen (http://iwnam.org/2017/08/22/final-statement-from-okinawa-gathering-june-2017). Horretan, emakume parte-hartzaileek mundu osoan ematen den militarizazioa salatu zuten, aurrekontu militarren igoera barne. Izan ere, horrek arriskuan jartzen ditu pertsona guztien ongizatea eta komunitateen eguneroko segurtasuna. Hala, emakume horiek bakea eta justizia eta sistema ekonomiko kooperatiboak izango dituen etorkizun iraunkor eta militarismorik gabeko batekin duten konpromisoa berritu zuten.

Deklarazioan, Sareak AEBetako gobernuari eta haren aliatuei (Asiako eta Pazifikoko eskualdeko eliteak) exijitzen die “gure herrialdeetan hedapen militarra berehala gelditzea” eta honako ekintza hauek burutzea: “base, instalazio eta baterako operazio militar guztiak bertan behera uztea; erabilera militarreko lurretan eragindako ingurumen kutsadura garbitzea; gure lurraldeak munduko indarkeria proiektatzeko entrenamendu-esparru gisa erabiltzeari uztea (adibidez, RIMPAC delakoa, hau da, Pazifikoko eskualdeko itsas gerrako ariketak); ikastetxeetan errekrutamendu militarra egiteari uztea; aurrekontu militarrak drastikoki murriztea eta diru hori erabilera sozialeko programetara bideratzea, batez ere emakumeen eta haurren ongizatea helburu duten horietara, horiek baitira gure planetaren etorkizuna”. Halaber, Sareak mundu osoan antzeko borrokak eta ikuspegiak dituzten emakumeei elkartasuna adierazten die eta zera aldarrikatzen du: “Ez gaituzte mugituko!”.

2021ean, Sareak Benetako Segurtasunaren Ikuspegi Feminista eta Bizitzaren aldeko Kultura bat Sortzea adostu zuen (A Feminist Vision of Genuine Security and Creating a Culture of Life) (http://iwnam.org/2021/04/13/a-feminist-vision-of-genuine-security-and-creating-a-culture-of-life). Ikuspegi hori segurtasun militarraren ikuspegiaren aurkakoa da eta zenbait indar-ideia ditu, hala nola ingurumenak bizitza mantendu ahal izatea; pertsonen oinarrizko premiak asetzea; giza duintasuna errespetatzea; eta herrien burujabetza bermatzea.